-Joango naiz. –Esan
zenuen ahots ozenez.
Eta egia zen, poltsa
eskuetan zeneraman eta. Joateko prest zeunden eta nik ez nuen ezer esango. Guztiz
lasai nengoen. Birikak airez betetzen eta husten ziren betiko lasaitasunez. Banekien
egunen batean joango zinela. Inoiz ez nuen nirekin betirako geratzea espero izan eta
azkenean, une hura heldu zen.
Leihoak itxirik zeuden.
Hala eta guztiz ere, kanpoko euria entzuten zen... entzuten zen kanpoko haizea.
Bat-batean, hotza sentitu nuen.
Iazko gabonetan
oparitutako jertse gorriaz jantzita nengoen. Etxean nengoen, idazten, faktura zaharrak
bere tokitan gordetzen. Arratsalde osoa eman nuen lan honetan eta konturatu gabe,
jadanik gaua etxeko atarian zegoen.
Aulkitik altxatu nintzen
arkatza, orduan, atzamarren artean harturik. Ahoa ireki nuen zerbait ezango banu
bezala, zerbait esateko beharra izango balitz bezala. Hitz bat ere ez zen kobazulo gorri
honetatik atera, soinu bat ere ez zen entzun. Esan ahal nuen guztia txikia izango zen,
gure artean zegoen putzu sakonean eroriko zen eta entzungo genuen bakarra ura
nahasiaren hotsa izango zen.
Egongelan, bata bestearen
aurrean pausatu ginen, bata besteari begiratzen ezezagunak izango bagina
bezala. Zure begi ilunak triste samar ikusten ziren eta begiratzen nituen
lehenengo aldia zela iruditu zitzaidan.
Minutuak presaka
zihoazen. Zalantzazko minutuak ziren: beti talde txikietan doaz eta gainera, presaka
dabiltza. Ez zenuen ezer egin, ezta nik ere.
Tupustean ateko zarata
entzun zen. Zureak ziren gauzatxo guztiak zurekin eraman zenituen. Etxea hutsik
geratu zen, nitaz beterik. Ordutik hona, elkarrekin eman genuen denbora fantasia edo
amets anker bat baino ez dela izan uste izan ohi dut. Horregatik hau idazten ari naiz,
edozein egunetan errealitatea eta ametsa ezberdintzeko gai izango ez naizelako.
Inoiz ez dudala zugatik
malkoren bat bota harrotasun handiz gehitu nahi dut. Txikia nintzela joan
direnentzako negarrak guretzat gorde behar ditugula ikasi nuen. Inork ez duelako gugatik
negar egingo...
No hay comentarios:
Publicar un comentario